Gipuzkoa Zero Zabor errauste-plantaren aurrean
Ostirala, 2010-7-30
Zubieta, Usurbil, Hernani, Donostia eta Zarautzeko herritarrak eta GZZko kideak ostegunean bildu ziren erraustegiko bidearen lanetan.
Atez ateko bilketaren emaitza onen eta hiri hondakinak kudeatzeko eredu honen aurka azken asteotan egin diren erasoak salatu ditu Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) taldeak, hain juxtu, errauste-planta eraiki nahi duten gunera iristeko egiten ari diren bidearen obratan bertan.
GZZren ustez, kosta ala kosta eraiki nahi dute “dagoeneko salduta daukatelako” eta interes ekonomiko partikularrak “gipuzkoarron osasunaren aurretik jarriz”. Ostegunean, arratsaldeko 18:00etan, elkartu ziren lanen aurrean Zubieta, Usurbil, Hernani, Donostia eta Zarautzeko herritarrak eta GZZko Joxe Mari Irazustak hitzegin zuen guztien izenean.
Salaketa sorta San Marko mankomunitatean azken asteotan gertatzen ari diren mugimenduekin hasi zuen, Lasarte-Oria eta Urnietako ordezkaritzen aldaketarekin, alegia: “Eredu baten aurka egiteko aldatu nahi dute mankomunitateko indar harremana: Atez Atekoaren aurka egiteko eta erraustegiaren alde. Atez Atekoaren emaitza onei ematen dioten erantzuna da. Usurbil, Hernani eta Oiartzunen martxan dagoen Atez Ateko bilketa eredua, beste herri askotarako baliagarria izan daitekeela ikusi dute. Eurek bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dute, itxura berdea emateko balio dietelako, eta batez ere errauste-planta eraikitzea bermatzen duelako. Baina Atez Ateko bilketa egiten duten herriekin alderatuta, haien birziklatze mailak lotsagarriak dira. Datuak ikusirik: Usurbilek, 6000 biztanle izanda, hilero 90 tona organiko biltzen ditu, eta, 5. edukiontziarekin Gipuzkoan ari diren herri guztien artean, 88000 biztanle izanik, 70 tona ozta-ozta biltzen dituzte”.
GZZren ustez egunero erakusten ari dira aipatutako herrietan, posible dela, erraustegirik eraiki gabe hondakinak ondo kudeatzea eta Joxe Mari Irazustak Gipuzkoako agintarien borondate eta erabaki politikoaren beharra aipatu zituen agerraldian. “Debagoienako Mankomunitateak ere hondakinak Atez Ate biltzen hasteko erabakia hartu du. Ereduaren arrakasta erakusten du honek eta itxaropena helarazten digu, Gipuzkoan halako erabaki gehiagok, Zero Zabor ideian oinarritutako hondakinen kudeaketa baten aukera egikaritzen dutelako. Zorionak eman nahi dizkiegu Debagoienako arduradunei eta herritarrei. Erraustegi toxikorik gabeko hondakinen kudeaketa bat posible dela egunero erakusten dugu 36.000 gipuzkoarrok eta epe motxean askoz gehiago izango gara. Gipuzkoa osoan zaborra % 20ra gutxitzea eta materia organikorik gabeko errefusaz osatua egotea posible da epe motxean. Horretarako behar den bakarra erabaki politikoa hartzea eta tokian tokiko plangintza zehatzak lantzea”.
Bestalde, Gipuzkoako zenbait agintariren bestelako jokabide okerra eta azken aldian hartutako erabakiak salatu ditu GZZk: “Mugimendu guzti hauen arrazoi nagusiena erraustegia kosta ala kosta egin nahia/beharra da, salduta daukatelako dagoeneko, hasiera-hasieratik. Ideia bera eta proiektua, lobbyaren neurrira egina dago, eta ejekutatu beharra daukate. Eredu honetako agintariak, korporazioak dira (energiakoak, eraikuntzakoak, elikadura/distribuziokoak, osasunekoak/farmazeutikoak, kontsumo gaietakoak) eta politikariak haien zerbitzura daude diru publikoa beren interesetara desbideratzeko. Gutxi batzuen interes ekonomikoak gipuzkoar guztion osasunaren aurretik jarriz. Eta hori finantzatzeko udalerriak urte askotarako ekonomikoki baldintzatuz. Noren mesedetan ari dira lanean agintari hauek?” galdetuz amaitu zuen arrazonamendua Irazustak.
Gipuzkoa Zero Zaborrek bat egin du Usurbilgo Itunak Aldundiari eskatutako moratoriarekin eta eraikuntza lanetan ari diren enpresei luzatzen die proposamena. Martxoaren 12an hainbat alderdi politiko, sindikatu, talde ekologista eta udalek, sinatu zuten itunean, Foru Aldundiari sei urteko moratoria eskatzen diote: “sei urte, teknologia toxikoak bazterrera utzi, Zero Zabor politika bat ezarri eta bestelako bideetatik zaborraren arazoari irtenbidea emateko”. Sei urtez gelditzeko eskaera kontutan hartzeko esaten diete besteak beste, FCC, Zerbitzu, MCC, Moyua, Urbaser, Amenabar, Sener eta Galdeano “negozioa besterik ikusten ez duten enpresei” ere. GZZren ustez, “hauek ere gipuzkoar guztion osasunaren gainetik interes partikularrak lehenesten dituzte”.
GZZk Gipuzkoa “Zero Zabor Lurraldea” izatea bilatzen du, hau da, zabor-isurketa zerora hurbiltzea nahi du, krisi ekologiko globalaren testuinguruan. Mundu mailako mugimendua da, ingelesez “Zero Waste” eta filosofia ahalik eta zabor gutxiena sortzean datza, sortzen diren hondakin guztiak berrerabili edo birziklatzeko modukoak izatean alegia. GZZren helburua ideia hori Gipuzkoan gauzatzea da. “Zerbait egin beharra daukagu hondakinekin. Mundua bezala Gipuzkoa ere zaborrez bete dugu eta”.
GZZk adierazi du zabortegiak zein erraustegiak biak baztertu behar direla, isurtzen dituzten gasek lurraren beroketan eragiten dutelako eta "ustiatu-erabili-suntsitu eta kutsatu" eskema linealaren ordez, "erabili-berrerabili-birziklatu" sistema zirkularra proposatzen eta bultzatzen dute.