Berdintasunaren aldeko pauso ugari Emakumearen Nazioarteko Egunean
Astelehena, 2010-3-8
Publizitatean eta lanean emakumeen papera salatuko du Zentro Zibikoak • Udalak adierazpen ofiziala argitaratu du • Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian dabil
Ekimenekin hasteko, “Nos tocó la primitiva” antzerki lan umoretsua eskaini zuten EPAko antzerki taldeko lagunek.
Emakumearen Zentro Zibikoak zenbait ekitaldi antolatu ditu Emakumearen Nazioarteko Egunarekin batera eta hain juxtu gaur, martxoak 8, ekimen hori mundu osoan ospatzen den egunean, goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 12:00etara bitartean collage bat egingo dute Brigidarren plazan egunkarietako, aldizkarietako eta telebistako iragarkiak erabiliz.
Ekintza honen bidez gizonezkoek eta emakumezkoek gizarteko zenbait arlotan jokatzen duten papera aztertuko da eta ikusleek gaiaren inguruan pentsarazteko helburuarekin. Batetik gizon eta emakumeek publizitatean jokatzen duten papera landuko dute eta ondoren gauza bera egingo da lan eskaintzekin, emakumezkoak eta gizonezkoak kontratatzerakoan dauden ezberdintasunak salatuko dira, alegia.
Zentro Zibikoak aurten antolatu duen egitarau zabala gaur arratsaldean eskainiko den zine emanaldi batekin amaituko da. Arratsaldeko 17:00etan Niki Caro zuzendariaren “En tierra de hombres” filma eskainiko dute Zentro Zibikoan.
Ostiralean Zentroko emakumeek jai eguna izan zuten, batetik 19:30ean EPAko antzerki taldeak Rafael Mendizabalen “Nos tocó la primitiva” antzerki lana eskaini zuen Manuel Lekuona kultur etxean eta ondoren Lasarte-Oriako emakumeak afari herrikoian elkartu ziren Txitxardin Beltxa jatetxean.
Lasarte-Oriako Udalak bestalde, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta adierazpen instituzionala eman du jakitera, zera adieraziz, "emakume eta gizonen eskubideak oso-osorik eta berdin-berdin bermatu behar direla, eta bizitzan hain garrantzitsua den garai hori landu behar dela, gizon eta emakumeen arteko jarrera positibo eta berdintasunezkoak finkatzeko, betiere, emakumeek berdintasunean oinarrituta gauza dezaten beraien herritartasuna".
Udalaren konpromisoa
Eta horretarako Lasarte-Oriako Udalak "Konpromisoa hartzen du, orain inoiz baino gehiago, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako tokiko politikak sendotzeko, bereziki neska gazte eta nerabeei begira, euren partaidetza aktiboa sustatuz helburu hauen lorpenerako".
Aurten Udalaren adierazpenak gazteen parte hartzean jarri du arreta, gazteen artean desberdintasuna eragiten duten jokabideei aurre egiteko eta bereziki emakume gazteenean, bere ustez, hauek etorkizunean oinarrizko erronka izango baitute aurrekoek egindako lanari bultzada ematen.
Udalak nabarmentzen du "errealitate berri" bati egin beharko diotela aurre: "Izan ere, desberdintasun adierazpenak sarritan zorrotzagoak dira eta itxuraz berdintasunean oinarritutako errealitatea bizi dute". Udalak adierazten du nerabezaroan egindako ikerketetan ikusi denez jokabide sexistak daude, berdintasun urriko ohiko rolak errepikatzen dira, eraso matxistak ugaritu dira eta horiek identifikatzeko zailtasunak daude.
Emakumeen Martxa
Bestalde, Euskal Herria morez margotzeko deia luzatu du Emakumeen Mundu Martxa bultzatzen ari den plataformak. Gaur bertan aterako da martxa Iruñetik eta martxoaren 13an bertan bukatuko da. Herriz herri ibiliko da martxa, toki guztietan Testigantza Liburua pasako da eskuz esku, errelebo guztietan mural bat marraztuko da eta guztiak bilduko dira Iruñean, larunbatean egingo den manifestazio eta festa handian. Mundu Martxa urrian bukatuko da Kongoko Sud Kiwun. Bertara eramango dituzte hemengo martxan herriz herri erabili den testigantza liburua eta zapia.
Lasarte-Oriatik datorren ostegunean hilaren 11an pasatuko da martxa. Arratsaldeko 18:30ean harrera egingo diote arraunlariek Ibarrako Zubian eta handik Donostiara abiatuko da. Hiriburuan 19:00etan egingo da ekitaldia bulebarrean eta 20:30etatik aurrera festa antolatu dute Oreretan. Herri afaria eta ikuskizun ugari izango dira.
Aldarrikapenak
Martxa honek dituen lau aldarrikapen nagusien artean lehenengoa azpimarratu daiteke: emakumeen aurkako indarkeria salatuko du bereziki martxak. Euren ustez, "jendartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da".
Bestalde, oraindik bermatzen ez diren emakumeen eskubide sexual eta erreproduktiboen alde egiten dute, batetik "abortu librea eta doakoa" aldarrikatzen segitzen dute eta "sexualitatea era askean eta heteronormatik at bizitzeko eskubidea osoa" ere bai.
Hirugarrenez, lan munduan emakumeen pairatzen duten prekarietatea salatzen dute "egungo ereduak eremu pribatuan emakumeok dohainik egiten dugun lana du oinarri".
Azkenik elikadura burujabetza aldarrikatzen du Emakumeen Mundu Martxak, natura eta lurra erabiltzeko orduan era egokian jokatu dezagun, lurraren pribatizazioaren eta naturaren erabilera desproportzionatuaren ereduak baztertuz.